XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez duzue horren suerte txarra izan - amaitu zuen idazkari zahar gorbata eta espartindunak inpreso guztiak bildu zituenean.

Beste auzoetan okerrago ibiliak dira.

- Noski - erantzun zion harro agian sekula iritsiko ez ziren diru laguntzen usaiak biztu zuen Mirasueneko Joxek -, hemen presako ateak garaiz ireki ziren eta horrek salbatu gintuen.

Horrela beheko errekan ura poliki igotzen joan zen.

Presa arrunt bete eta lehertu izan balitz okerrago ibiliko ginen.

- Jakina, jakina - erantzun zuen idazkariak paper guztiak karpeta beltz zikin batean sartzen zituen bitartean.

Joxek irribarretsu begiratu zien auzokideei.

Gutxik erantzun zioten, ordea.

Ondo bait zekiten denek presako ateak ez zirela berez ireki.

Urak presako hormatik gainezka hasi zirenean Kubanua aldetik alde zihoan sokari helduta, ur indartsuak belaunetaraino, beste aldera igaro, ateak zabaldu eta bueltakoan labain eginik ur zikinen zurrunbiloan betiko galdu zela...

- Orduan - agurtu zituen idazkariak boltsa beltza besapean hartuz -, hildakorik ez da izan, ezta? Kubano hori...

Isiltasunak erantzun zion.

- Bueno, badirudi orain ateri dagoela eta banoa...